MUSIKA

Heatwaves punk-pop taldeak Bilbon eta Donostian joko du

Jose Dolz (Shock Treatment, Prototipes, Telepath Boys) eta Luis Sanchez (Depressing Claim, Prototipes, Los Reactivos) musikarien egitasmoa da Heatwaves. 1960ko hamarkadako eta neskez osatutako banden melodiak eta punk energia uztartzen ditu maisuki. Orain arte bi EP grabatu dituzte, biak ala biak bikainak, bigarrena, oraintsu plazaratu dute. Bada, Bilboko Shake! aretoan izango dira, eta larunbatean, Donostiako Dabadaban.

Julen Azpitarte kazetariak ondokoa idatzi zuen Mediterraneo aldeko taldearen estreinako EParen harira, Berrian; paragrafo honetan, hain justu, taldearen sustrai eta testuingurua azaltzen da: “Holland-Dozier-Holland kantu egileek osatutako lantalde klasikoak 1963an idatzitako kantua da Heat Wave, zeina Martha and The Vandellas taldeak AEBetako, eta mundu osoko, etxe eta taberna guztietara zabaldu zuen irrati eta jukebox makinen bidez. Motown diskoetxeko Gordy azpi-zigiluak argitaratua, Detroit hiriko konpainia hit sortzaileak kaleratu zuen emakumez eratutako talde baten lehen doinu arrakastatsua izan zen. Atzetik The Marvelettes, The Supremes, The Ronettes, The Shirelles, The Shangri-Las eta beste hamaika etorri ziren. Horien guztien soinu gozo eta melodikoa Girl Group etiketaren barruan bildu zen, eta haren itzalak denbora-mugak hautsi zituen, 1970eko hamarkadan, New York hirian, punk-rocker itxura zeukaten gazte inkonformista eta biziozaleek bere egin arte; tartean, Ramones eta The Dictators taldeak. CBGB aretoko ohiko bisitari ziren bi banda horien ondarea goitik behera ikasi zituzten milaka gaztek hurrengo hamarkadetan; horien artean, Castello hiriko No Tomorrow zigiluarekin 1990eko hamarkadan grabatu zuten makina bat bandak; besteak beste, Shock Treatment eta Prototipes-ek”.

Hartara, Shock Treatment eta Prototipes taldeen ondarearen bertsio gaurkotua eta hobetua da Heatwaves: “ 1960ko Girl Group delakoek sortutako melodiekin bustitako punk-pop kantuak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button