ARTEA

Arte garaikidearen hastapenak ezagutzeko ikastaroa, Artium Museoan

Artium Museoak arte garaikidearen hastapenak ezagutzeko ikastaro bat antolatu du: Irudiak mintzo. Ane Lekuona EHUko irakasle eta ikuspegi feministatik ikertzaileak koordinatuko du urtarrilaren 26an hasiko den ikastaroa. Besteak beste, Ismael Manterola, Garazi Ansa, Idoia Zabaleta, Xabier Gantzarain eta Haizea Barcenilla izango dira hizlariak.

Irudiak mintzo erakusketak “ibilbide historiko bat marraztea proposatzen du, hirurogeita hamarreko hamarkadatik gaur egunera arte artearen eta irudien inguruan sortu diren proposamen eta begirada batzuk ezagutzeko”. Ane Lekuonak adierazten duen bezala, “ikastaroa topalekua izango zaigu begirada eta galdera berriekin arteaz eta irudien berrirakurketaz aritzeko. Gure oroimena berrikusteko, eta bestelako ahots batzuk entzun eta geure buruak haietan ezagutarazteko”.

Urtarrilaren 26an hasiko da, Beatriz Herraez Museoko zuzendariak aurkeztu eta Ane Lekuonak emango duen sarrera saioarekin. Otsailaren 16an, Garazi Ansa EHUko irakasle eta ikerlariak artearen historiaren barruan kritika feministak ezarritako helburuetako batean sakonduko du: artearen beste historia batzuk irudikatzen lagunduko duten genealogia ahaztuak berreraikitzea. Astebete geroago, otsailak 23, Xabier Gantzarainek arte kontzeptualaren korronteari buruzko planteamendu teorikoak berrikusiko ditu. Martxoaren 2an, Idoia Zabaleta koreografoa, biologoa eta AZALA sorkuntza-guneko koordinatzailea performanceari buruz arituko da. Martxoaren 9an, Elena Roseras Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Liburutegi eta Dokumentazio Zentroaren arduradunak, bere aldetik, dokumentazio-prozesuek lan kuratorialean eta artelanen eta praktika artistikoen testuinguruan jartzean duten zeregina aztertuko du. Martxoaren 16an, Artium Bildumaren kontserbatzaileak, Enrique Martínez Goikoetxeak, euskal arte garaikidearen barruan garrantzitsuena den ondare-funts horren gakoak aztertuko ditu. Eta astebete geroago, Haizea Barcenilla EHUko irakasle eta ikertzaileak erakusketek eta museoek artearekin duten harreman-motan duten eragina aztertuko du.

Azkenik, Katalina Lozano eta Mariana Castillo Deball bikoteak Latinoamerikan hainbat artista belaunaldik herentzia kolonialari nola heldu dioten aztertuko du apirilaren lehen egunetan. Geroago, apirilaren 13an, museoko bilduma bisitatuko da, “arte garaikideko museo batek gaur egungo gizartean duen lekua birpentsatzeko, bisitariarentzat oro har ikusezina den espazio batetik”.

Irudiak mintzo ikastaroan izena ematea zabalik dago, eta bertan ikus daiteke programazio osoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button