MUSIKA

Inserta taldea hondoko itsasoan igerian

Inserta Bilboko post-hardcore laukoteak Mar de fondo izenburuko lan berria aurkezteko bost kontzertuko bira egiteari ekingo dio. Diskoa urtarrila eta otsaila bitarte grabatu dute. Biraren lehendabiziko kontzertua ostiralean, martxoak 1, egingo dute Bermeoko Beleza Malandra ateneoan.

Gainerako datei dagokienez, martxoaren 2an Madrileko Wurlitzer Ballroom aretoan izango dira Berlinetta taldearekin, eta 9an, halaber, Zaragozako Arrebato lokalean Misfakes bandarekin.

Martxoaren 15ean Euskal Herrian izango dira jotzen, Zarautzen, hain zuzen ere. Egun horretan Putzuzulo gaztetxean Pollos Hermanos-ekin arituko dira.

Bira txiki hau martxoaren 16an amaituko dute Deustuko Gazte Lokalean izango den emanaldiarekin. Deustun Señores eta Magnetico Grupo Robot izango dute lagun.

Kontzertuotan aurkeztuko duten diskoaren harira, Mar de fondo tarte dentsoekin eta erritmo bortitzekin jantziriko zortzi kantu ilun gordetzen ditu. Zuzenean grabatu dute 2013 urtarrila eta otsaila bitartean Tolosako Bonberenean, Karlo Osinaga teknikariaren ardurapean.

“Mar de fondo-k barrunbea irauli egiten du indar ikusezin, baina boteretsuaren bitartez. Nahi gabe mugiarazten gaituen energia da, eta horren aurrean ezin dugu deus egin; hortaz, eraman gaitzala”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button