LITERATURA

Alberto Ladron idazleak “Nada que perdonar” kaleratu du

Gaur berton, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, Alberto Ladron Arana idazlea eta Martin Anso editorea, bildu dira euskarazko Zer barkaturik ez lanaren gaztelaniazko Nada que perdonar (Txertoa) bertsioa aurkezteko.

Oraingoan ere idazle iruindarrak irakurlea lehen lerrotik beretik harrapatuko du. Istorioa gaur egungo Nafarroan dago girotuta, baina Gerra garaiko gertaera ilun batean du abiapuntu. Irakurketa izugarri entretenigarria, jakin-mina eta ustekabeak azken-azken lerroraino.

Lanean hauxe kontatzen zaigu: Bolada txarra darama Mikel Izuk. Andreak utzi zuen, lanean ez da agertzen depresioagatik, bere anaia Julenen alprojakeriak jasan behar ditu… Hain zuzen, anaiaren etxean behatz moztu eta odoldu bat aurkitzen duenean hasiko dira gauzak are gehiago okertzen eta aldrebesten. Saltsa loditzeko, beste hainbat osagai: Andaluziatik datorren neska pinpirin bat, II. Mundu Gerra garaiko mugaldeko abentura ahantzi bat, senar jeloskor bat, naziak eta juduak, drogatrafikoan sartutako ukrainarrak, nora ezean dabiltzan foruzainak…

Egileak, ohi duenez, maisutasunez ondu du polizi eleberri hau, protagonistaren gorabeherak eta misterioaren hari ezkutuak idazkera arin eta erritmo biziarekin josiz.

Idazleak berak dio, “suspentse eta nobela beltzaren generoan, hainbat egile ditut gustuko: Patricia Highsmith, Henning Mankell, Ian Rankin, Harlan Coben, Dennis Lehane, James Ellroy…”

Alberto Ladron Arana (Iruñea, 1967). Maisu eta psikologia ikasketak egina, misteriozko eleberrien egile arrakastatsua: Xake Mate, Eguzki beltzaren sekretua, Arotzaren eskuak eta Ahaztuen mendekua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button